XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aldi batez, oporretako udalekuetara joatea izan zen kasik.

Baina beste gerra bat etorri zen, eta herriraino sartu zitzaigun gorrotoa.

Auzoko bat genuen, Levine jauna, oso etxe handian bizi zena.

Alarguna zen, nik uste, eta batzuetan auzolagunak gonbidatzen zituen saloi handian txokolatea hartzera, hotza zetorrenean.

Gorrotoa herriratu zenean, Levine jaunari izar bat josi zioten paparrean.

Lotsatuta ibili zen aldi batez, etxetik irten gabe, eta gero preso altxatu zuten.

Beste kontu lazgarri batzuk ere izan ziren herrian, gauez gertatzen zirenak.

Behin mendian jolastera irten ginen, eta zulo handi bat aurkitu genuen itsasaldean.

Egundoko kerua zerion lurrari: hamaika txahal eta behi hil-eta ustelduta ageri ziren zulo hartan.

Ezin dut burutik kendu sunda nazkagarri hura! Askotan goseak igarota geunden, eta borrokan ibiliko ginen kaleko umeekin txokolate zati bat harrapatzeko.

Baina horiek gorabehera txikiak ziren, ume kontuak.

Askoz ere latzagoa izan genuen bestea, askoz ere latzagoa. Latza, bai horixe.

Gorrotoak eraman zuen aurrean gure kaleko gazte bat.

Hantxe hil zuten, etxe gorri horretan, kale muturrera ematen duen horretan.

Gezurra dirudi gero! Hainbeste urte pasata ere, oraintxe ari naiz gazte hori ikusten, zereginen batera zihoala, xalo-xalo.

Okindegian lan egiten zuen eta oso goapoa iruditzen zitzaidan.

Leihotik agurtu nuen, egunero bezala, eta irribarrea egin zidan.